Zamudio, 2022-09-30
Udabarrian Europako eta AEBtako botiken agentziek Oncomatryxek sortutako botika baten entsegu klinikoa baimendu eben. Harea edo pankreaeko minbiziaren kontrako botika hori oso barritzailea dala esan deusku Saioa Dominguezek Oncomatryxeko diagnostikorako zuzendariak. Dominguezen berbetan entsegu klinikoek ondo urteten badabe harea edo pankreaseko minbiziaren kontrako borrokan mundu mailako lorpena izango da.
Botika honek tumorearen inguruko zelulek osotzen daben geruza lodia erasotzen dau, estroma izeneko geruza horri dago zuzenduta. Medikamendu hau ABC motakoa da, droga bati konjugauta dagoan antigorputza hain zuzen be. Munduan holako gitxi dagoz eta orain arteko ikerketan emoitza onak emon dauz. Oncomatryxetik dinoskue entsegu klinikoen behin betiko emoitzak urte bi barru prest egongo dirala eta botikaren komertzializazinoa bost urte barru helduko litzatekela.
Iurreta, 2022-09-30
Modan jarri dira, antxina, amama eta aititeen etxeetan egoten ziran eihogailuak edo kafea birrintzeko errotatxuak. Cafés Baqué enpresako marketing zuzendaria dan Lorena Taibok azaldu deuskunez supermerkaduetan kontsumitzaileek kafea garauan gero eta sarriago erosten dabe eta hori eihoteko makinak erosten dabilz azkenaldion. Zentzu horretan joera aldaketa baten aurrean gagozala azaldu deusku Taibok.
Kafea ondo gordeteko eta ondo prestetako aholku ugari jaso doguz "Goizeko Izarretan". Udan kafea hozkailuan gordetea komeni da, izan be tenperatura altuek kafearen kalidadean eragina daukie. Kafesne bat edo ebagi bat prestatzerakoan esnea larregi ez berotzea komeni da bestela esne horrek kafesnea zapuztu leike.
Honetaz gehiago jakiteko eta kafearen munduan sakontzeko Cafés Baqué enpresak, Iurretan daukan egoitzan, kafe-eskolea dauka eta pandemiaren ostean bisita-gidatuak eta ikastaroak berreskuratu dabezala azaldu deusku Lorena Taibok.
Gehiago irakurri
Bizkaia, 2022-09-30
Euskal Herriko lehenengo Ekotopaketak gaurtik domekara bitartean egingo dabez Portugaleten. Trantsizino ekologikoaz, elikadura burujaubetzaz edo klimaren aurkako borrokaz nazinoarteko hainbat hizlarik berba egingo dabe eta euren gogoetak entzuten eta beste batzuk partekatzen 350 lagun arituko dira.
Gorka Laurnaga, Ekotopaketetako antolatzailetariko bat, izan dogu asteon "Goizeko Izarretan" irratsaioan. Ekologismoaren aldeko borrokan, beste borroka batzutan dagoan alkartegintzea eta alkarna falta dirala salatu dau Laurnagak. Topaketa honeek saretze lan hori indartzeko pizgarri lez jardutea gura dabe.
Bilbo, 2022-09-29
Adolfo Arejita Labayru Fundazinoko kidea eta Euskaltzaina EUSKERA HOBETZEN tartean izan dogu gaur.
Bilbo, 2022-09-29
Bizkaiko Psikologoen Elkargoko kidea dan Edurne Gonzalez psikologeak kirola eta psikologiaren ganean egin deusku berba.
Bilbo, 2022-09-29
Zirkulazinoa aparatuaren gaixotasunak %5,42 gehitu ziren Euskadin 2021ean.Ia 6000 pertsona hil ziren Euskadin iaz gaixotasun horren eraginez.